
Bilbon izandako gertakarien aurrean, EH Bilduk erabateko gaitzespena adierazi nahi du Vito Quiles ultraeskuindarraren presentziari erantzuteko mobilizazioak amaitu ondoren izan ziren jokabide bortitz eta antisozialen aurrean.
EH Bildu ez dator bat jarrera horiekin, bizikidetzari kalte egiten baitiote eta zuzenean eragiten baitiote bizilagunen, merkatarien eta, oro har, herritarren ongizateari. Horregatik, gure elkartasuna helarazi nahi diegu kaltetutako pertsona guztiei.
Antifaxistak gara, eta horregatik uste dugu faxismoari eta ultraeskuinari eman beharreko erantzuna bide baketsu eta demokratikoetatik soilik garatu behar dela. Antifaxismoaren izenean egiten diren jarduerek ez dute laguntzen helburu hori lortzen; indarkeria edo bandalismoa dakartzaten jarduerek bloke erreakzionarioaren interesen alde egiten dute azken finean.
Atzo egindako mobilizazioak erantzun demokratiko, plural eta kolektiboaren adibide izan ziren gorroto diskurtsoen aurrean. Ehunka pertsonek parte hartu zuten horietan, hainbat mugimendu sozialekin batera, gizarteko sektore zabalek partekatutako erantzuna emanez. Erantzun horri jarduera akademikoa eteteko Deustuko Unibertsitatearen erabakia ere gehitu zitzaion.
Faxismoari erantzuteko, gehiengo demokratiko eta zabalak eraiki eta batu behar dira, gorroto diskurtsoei aurre eginez, mobilizazio sozialetik eta balio demokratikoen defentsatik abiatuta. Bide horri jarraitu dio Bilboko gizartearen gehiengoak. Horregatik guztiagatik, atzo Bilbon izandako jarrera tamalgarriak gaitzesten ditugu, eta elkartasuna adierazten diegu kaltetutako pertsona guztiei.